Eztabaida antzu eta lerdoak

{ 2009/11/19 }

Eztabaida antzu eta lerdo xamarrak modan omen daude. Nork sortzen dituen eta zein interes ezkutatzen diren sortze horretan, ez dakit. Baina nire uste xumea da norbaitek etekina atera nahi diela. Aste honetan bertan bi ikusi ditut nire muturren aurrean, baina ziur beste asko ere gertatzen direla, egunero, ni konturatu gabe.

Asteko lehenengo eztabaida antzu eta lerdoa gure legebiltzarretik etorri da zuzenean. Espainiako selekzioa Euskal Herriko zelaietan jokatu ahal izateko proposamena bozkatu zuten gure legebiltzarkideek,  ”la roja”-k  Maradonaren Argentinari irabazi ostean (a ze arribista, ez zuten hori bozkatuko Koreako mundialean kanporatu zutenean). Niri bost axola zait Mendizorrotzan, Anoetan ala San Mamesen jokatzen badute edo ez. Ekipo oso ona da eta zoragarri jokatzen du. Futbol ikuskizun polita. Baina legebiltzarkide maiteak, selekzioaren gonbidapena klubek egiten dute. Orain, eta EAJ gobernatzen zuenean. Hemen, eta Murtzian. Ez gaitezen Espainia baino espainolagoa izaten saiatu. Erridikulua egiten bukatzen dugulako “normaltasunaren” izenean. Badago herri honetan gauza garrantzitsuagorik eztabaidatzeko. Eta herri xumeak eskertuko dizue legebiltzarrean igarotzen duzuen denboran, gai horiek aurrera ateratzen saiatzen bazarete. Herri hontan badagoelako zer konpondu. Eta ez du ez futbolarekin, ez antolaketa pribatu bat duen Espainiako Vuelta-rekin zerikusirik. Benetan.

Eta asteko bigarren eztabaida antzu eta lerdoa, desproposito bat den zerrenda batek ekarri du. Zerrenda horrek euskara jartzen du munduko hizkuntza zailenen top 1-ean. Ene. Zerrenda horrek ez du ez hankarik ez bururik niretzat. Ez dudalako uste hizkuntza baten zailtasuna modu objektibo batan neurtu ahal denik. Norberak bere hizkuntzatik neurtzen dituelako besteak. Ama hizkuntzak bere buruaren konfigurazioan eta mundua ikusteko moduan isla duelako. Hori abiaburutzat hartuz, zerrendak ez du inolako baliorik. Urteko pertsona eleganteena hautatzea baino balio handiagorik ez behintzat. Eta motibazioaren auzia heldu da, eta batzuk bai, zailena dela diote eta besteek ezetz, ez dela. Eta komunikabideetan agertzen da gainera. Eta nik diodana da, eztabaida honek ez luke existitu ere egin beharko, ez baitago hizkuntzekin ranking bat egiteko inolako funtsik. Antzua eta lerdoa, hau ere.

Herri santu honek gero eta antzu eta lerdoagoa bilakatzen nau. Aurretik ere aski antzu eta lerdoa izango ez banintz…

Soituren inguruan

{ 2009/11/01 }

Komunikabide bat ixten den bakoitzean zerbait itzaltzen da bakoitzaren ariman. Eta komunikabide hori Soitu.es-ek zituen berezitasunak baldin baditu, are gehiago. Krisiaren biktima dela esan dute. BBVA kupidagabearen biktima. Gaur egungo munduaren biktima. Baina krisia, BBVA eta gaur egungo munduaren produktoa izan da ere Soitu.es.

Komunikabide tradizionalei buelta eman nahi izan zien Soituk. Kazetaritza berritzeko gura indartsuarekin sortu zen, tradizio horrek agertzen duen krisiaren aurrean. BBVA-ren diruarekin eta bankuaren anparuan. Gaur egungo munduari erantzuteko prest. Baina hori ez da nahikoa izan. Zergatik? Agian krisian dagoen beste zerbaiti buelta ematea falta izan zaiolako. Komunikabide tradizionalei aurre egin die edukietan (eta edukiak tratatzeko moduan), baina ez negozio ereduan. Negozio eredua betikoa izan du. Komunikazio enpresa bezala ez da berritzailea izan. Edo ez du itxura hori eman.

Eta azkenean, iragarkietan eta inbertsio pribatuan oinarritutako enpresa tradizional honek bere ateak itxi behar izan ditu, atzean, azpiegitura tradizional bat utziz. Atzean, negozio eredu tradizional baten frakasua atzean utziz. Eta penaz esaten dut hau, produktu bezala, Soitu.es ona iruditzen zitzaidalako. Baina enpresa bezala ez du funtzionatu azpiegitura aurrera ateratzeko (aho horiek elikatzeko) estrategian.

Saiatu direla pentsatu nahi dut. Kontsolatzeko gehienbat.

Euskaldunberri berri eta euskaldunzahar zaharrak

{ 2009/09/26 }

Orakuloak esan dit, Ramon Etxezarretari egindako elkarrizketa honen ostean, “euskaldunberri” hitzari esanahia aldatu beharko geniokela. Ez geniekela hala deitu behar heldutasunean euskaraz ikasten duten heroi hoiei (nire alabantzarik sentituena merezi duten horiek). Azken urteotan, PP eta PSOEren ideologipean, “yo soy vasco” han eta hemengo foroetan errepikatzen duten haiei baizik. Hoiek dira euskaldunberri berriak. Euskalduntasunaren muina definitzen inor baino gehiago saiatzen direnak (”hemen jaio edo bizi den edonor da euskalduna, ez bakarrik euskaraz dakiena, ez bakarrik abertzalea dena”). Gaiaren inguruan bira gehien ematen dutenak. Horiek dira euskaldunberri berriak. Inor baino euskaldunagoak direnak. Definizio definitiboaren gertuen daudenak.

Nahiz eta elkarren artean oso errespetu egon arren, euskaldunberri berriak eta euskaldunzahar zaharrak oso antzekoak dira.

Biek behar dute nazio eta estatuaren definizio mugatua. Denadelakoa dela. Nazio eta estatuen paradigman bizi dira. Errealitate konplexu batean babesten dira, hitz potoloak erabiltzen dituzte, ez dezagun dena askoz ere sinpleagoa dela deskubritu. Definizioak, estrategiak, planak. Zertarako? Nazio eta estatuen paradigma elikatu eta bizirik mantentzeko. Ez dezagun pentsa beste zeozer hoberik dagoenik. Kapazak garenik.

Badakizue nik nortasun kolektiboekin arazotxoren bat edo beste dudala (futbolaren gai pozoitsua alde batera uzten badugu, behintzat). Ni ez naizela ezer. Ez zahar ez berri. Baina kasu honetan euskaldunberri zaharrengandik gertuago sentitzen naizela uste dut. Edo, zergatik ez, euskaldunzahar berriena.

Zer da hau?

Iraultzaren hurrengo egunean heldu ginen. Jadanik argiak itzalirik zeudenean. Ederra izan zen. Ez genuen ezer ulertu, baina hauek dira kronikak.

Nork idazten du?

Ana Malagon

Nire izena Ana Malagon da eta La Personnalité-n egiten dut lana, Telletxea jaunarekin batera.

Euskadi Irratiko Amarauna saioan ere ibiltzen naiz tontakeriak esaten, hiru astean behin, blogarien solasaldian.

Iraindu nahi badidazu ala madarikazioak bidali, hemen duzu aukera.