bruno eta ni
{ 2006/10/01 }
Garai hartan Madrilen bizi nintzen. Iheslaria nintzen hiri handian. Bakarrik nengoen, ez nuen ezerrengan sinesten eta nihilismoak jota ibili nintzen Gran Vía gora eta behera hainbat hilabetez. 22 urte nituen orduan. Eta nazka handi bat. Halako egun batean, Círculo de Bellas Artes-eko zinema aretoan Wim Wenders-en ziklo bat ematen ari zirela jakin nuen. Eta egun hartan, El cielo sobre Berlín (Himmel über Berlin) jartzen zutela. Gustuko dut Berlin. Erdi eroria dagoelako agian. Aretoan bakarrik sartu nintzen. Ez ginen hamar lagun baino gehiago egongo. Guztiok bakarrik. Bruno agertu zen arte.Bruno Ganz aingeru bat da. Bruno Ganz, benetan, ez da Bruno Ganz, Damiel aingerua baizik. On aurpegi horrekin, ezin du besterik izan. Beno, bai, Hitler izan zen behin, baina niretzat horrek ez du garrantziarik. Bruno Ganz Donostian egon da egunotan. Bere hegoak Maria Cristina hotelean utzi ditu. Kursaal deserosoak nekatu du. Ni ere bai, Bruno. Bruno eta biok ederki ulertzen diogu elkarri. Argazki bat atera nahi izan nion urrutitik. Eta berak iribarre egin zuen instant horretan. Bruno aingeru bat delako, eta ederki dakielako zeintzuk diren nire intentzioak.
Madrilen nengoela Himmel über Berlin laguntza handikoa izan zen. Bruno nire aldamenean egon zitekeela pentsatzen nuen nire bakardadea uxatzeko. Bere burua nire sorbaldean jarriz, nire pentsamendu guztiak entzuten egon zitekeela. Fede itsu bat.
Urteak aurrera joan ziren, Donostiara itzuli eta hara non etorri den Bruno nire bila. Bere on puska aurpegiarekin. Helduagoa naiz orain. Ez nago hain bakarrik. Eta jadanik ez dut aingeruengan sinesten, Bruno.
Baina zugan sinesten dut.
Mila esker aingeru bat izateagatik.
[tags]zinemaldia[/tags]
Atala: ideiak |

Erantzun