binarioak atalaren artxiboa

Soituren inguruan

Komunikabide bat ixten den bakoitzean zerbait itzaltzen da bakoitzaren ariman. Eta komunikabide hori Soitu.es-ek zituen berezitasunak baldin baditu, are gehiago. Krisiaren biktima dela esan dute. BBVA kupidagabearen biktima. Gaur egungo munduaren biktima. Baina krisia, BBVA eta gaur egungo munduaren produktoa izan da ere Soitu.es.

Komunikabide tradizionalei buelta eman nahi izan zien Soituk. Kazetaritza berritzeko gura indartsuarekin sortu zen, tradizio horrek agertzen duen krisiaren aurrean. BBVA-ren diruarekin eta bankuaren anparuan. Gaur egungo munduari erantzuteko prest. Baina hori ez da nahikoa izan. Zergatik? Agian krisian dagoen beste zerbaiti buelta ematea falta izan zaiolako. Komunikabide tradizionalei aurre egin die edukietan (eta edukiak tratatzeko moduan), baina ez negozio ereduan. Negozio eredua betikoa izan du. Komunikazio enpresa bezala ez da berritzailea izan. Edo ez du itxura hori eman.

Eta azkenean, iragarkietan eta inbertsio pribatuan oinarritutako enpresa tradizional honek bere ateak itxi behar izan ditu, atzean, azpiegitura tradizional bat utziz. Atzean, negozio eredu tradizional baten frakasua atzean utziz. Eta penaz esaten dut hau, produktu bezala, Soitu.es ona iruditzen zitzaidalako. Baina enpresa bezala ez du funtzionatu azpiegitura aurrera ateratzeko (aho horiek elikatzeko) estrategian.

Saiatu direla pentsatu nahi dut. Kontsolatzeko gehienbat.

Osakidetzaren osasuna

Eusko Jaurlaritza batzuen negozioaz orain konturatu den bitartean -aspalditik genekien berri bat, baina badakizu nolakoak diren gauzak jauregietan, mantsoak-, nigana bestelako lotura bat heldu da: Osasun zerbitzuetan erabili ahal izateko 50 proiektu open source. Askoz ere interesgarriagoa, ezta? Eta pozgarriagoa izango litzateke gure inguruan halako zerbait erabili edo sortuko balitz.

Osasunaren mundua bereziki interesgarria suertatzen zait teknologia berriak eta interneten erabilpenaren arloan. Gauza asko eta erabilgarriak egin daitezkeela uste dut. Eta sekulako erronkak planteatzen ditu, bai logistika aldetik, bai teknikaren eta diseinuaren aldetik (xede publikoa osasun zerbitzuen erabiltzailea denean, bereziki).

Gure artean oso gutxi egin dela jakiteak harritu egiten nau alde batetik, eta kezkatu bestetik.

Eta bitartean, Osakidetzako saretik zenbait eduki zentsuratuak dituzte bazpare. Ez ote diren gure medikuak, erizainak, etab. gehiegi ilustratuko.

Eguneraketa: Oncoweb aipatzea ahaztu zait, prestatzen ari diren minbiziaren inguruko sare soziala. Primerakoa iruditzen zait printzipioz. Baina ez al da zehatzegia? Ez al litzateke osasunaren inguruko sare zabalago bateko parte bat izan behar? Nire susmoa baiezkoa da…

IEB2009ak kezkatzen nau

Barkatuko didazue gaur neska petralaren papera hartzen baldin badut baina Informatikari Euskaldunen Bilkuraren egitaraua ikusi eta pixkat izutu naiz. Batez ere, ekitaldiaren izenburua “Teknologia berriak, gaur eta bihar” dela jakinik. Izenaren egokitasuna alde batera utziz, kezkaturik nauka egitarau horrek, bertan gaur asko, bihar gutxi eta atzo dexente aurkitzen dudalako.

Norbaitek pentsa dezake, “ah, hau izorratua dago bera gonbidatu ez dutelako”.  Lasai, mundu honetan zerbaitek urduri jartzen banau, hori jendaurrean hitz egitea da. Eta gainera, ez dut uste esateko ezer dudanik. Eta beste alde batetik, IEBrena ez da kasu bakarra. Nahiko orokorrean gertatzen ari den zerbait da ekitaldi eta jardunaldien munduan.

Fowa, Fowd eta Reboot bezalakoak begiratuta, lehenengo biek arazo bera dutela iruditzen zait. Hirugarrena zertxobait desberdina da, deskonferentziatik gertuago dagoen proposamena delako. Ez dakit IEB2009ren egitarauko gaiak irekiak ote ziren ala ez. Bakoitzak proposatzeko aukera baldin bazuen, isildu egingo naiz eta gauzak diren bezala onartu.

Bigarren kasua baldin bada, nire intentzio onenarekin esango nieke antolatzaileei, proba zezatela ea zer moduz formato berri batekin. Bilkura baldin bada, “bilkuragoa” egin. Zerbait bereziagoa.

Formak alde batera utziz eta muinera joaz, niri gaiak ez zaizkit oso berritzaileak iruditu. Pertzepzio bat izan da, boteprontoan, baina ein handi batean, eta salbuespenak salbu, duela bi urte egitarau berdinaren aurrean egon gintekeela iruditu zait. Duela bi urteko panorama berbera al dugu Euskal Herriko gure “interworld” txiki honetan? Baliteke eta hori da gehien kezkatzen nauena. “Aurrera doan herri” hau ez ote den eten diru, gogo, denbora, ideia ala auskalo zeren faltagatik. Munduko beste edozein “interworld” bezala, bai. Baina hau nire “interworld”-a da eta horrek gehiago izorratzen nau pertsonalki.

Autokritikarako garaia heldu dela uste dut. Bakoitzaren bekatuak aitortu eta bizio eta akatsak konpontzen saiatzeko momentua. Bakoitzak bereak. Eta denon artean, gureak. Krisia baino une hoberik okurritzen? Niri ez.

Baina tsh! Ez egin kasu neska marmarti honi (exajeratu bat da eta dena handitzen du tragedia bilakatu arte) eta joan, parte hartu, eta disfrutatu.

« Zaharragoak