binarioak atalaren artxiboa

indar zentripetoak

Mikroblogging zerbitzuen bilakaera unibertsoarenaren antzekoa da. Duela urtebete Twitter, Jaiku, Pownce eta beste hainbat izan genituen bueltak ematen. Nik neuk ere Zebehar sortu nuen Ruby on Rails ikasteko gai nintzela agertzeko neure buruari (eta bide batez, hipotesi hau ezeztatu nuela esango dizut, irakurle).

Zebehar suntsitu nuen sareak emante didan botereaz baliatuz (eta gustura gelditu gainera). Baina ez naiz bakarra izan. Powncek ere bere ateak itxi ditu, eta bere egile eta langileak Six Aparten (Movable Type blog sistemaren sortzaileak) sartu dira.

Gaur, asteko berriak irakurtzean jakin dut Values of n enpresak itxi egingo duela eta bere bi zerbitzuek ere agur esango dutela: I want Sandy eta Stikkit. Baaaaaaaina, bi produktu hauen garapena Twiterrera pasako omen da.

Indar zentripetoak jota?

facebook afariak

Lehengoan izebak esan zidan: “Afari garaia da urria eta azaroa”. Eta arrazoia du, tira, jende guztia jada egunerokotasunean sartua dagoelako, eta horrelakoak behar dituelako errutinak apurtzeko.

Atzo afari bat izan nuen nik ere. Berezia, nolabait, antolaketaren aldetik. Facebook-en bidez antolatu genuelako gure ikastolako klaseko afari hau. Hortarako paregabea da Facebook eta egia esan, nik ez dut beste ezertarako erabiltzen. Sekula berriz ikusteko esperantzarik ez ditudan pertsonak aurkitzeko.

Gure kurtsoan arraro fama genuen. Ez ginen ez bereziki ondo, ez bereziki gaizki eramaten. Ez ginen “superguay”-etakoak. “Prolet” kuadrilla handi bat besterik ez, bakoitza bere pedradarekin. Gure klasean pedradak nabarmenak zirelako, besteekin alderatuta. Eta hala onartu izan digute beste klaseetakoek. Atzo, iragana berrikusten, guk ere onartu behar izan genuen. Arraroak ginen, bai. Edo, xuabeago esanda, “berexiak”.

Hortaz, afari bat antolatzen hasteko erronka, oso handia zen. Gutxi batzuk izan ginen (30 baino gehiago ginen klasean eta atzo 8 izan ginen bakarrik, horietatik, 5ek genuen profila Facebooken, gaur baten bat gehiago animatuko zen), baina tradizioa bihurtzeko asmoz gabiltza.

Poztuko ninduke hala balitz.

2.0 idazleak

Aspalditik ezagutzen dut Stephen Fry. Benetan tristetu nintzen bere buruaz beste egiteko saiakeraren berri izan nuenean. Eta benetan poztu, bere bizitza berrairiki eta idazle, aktore eta askoz ere gehiago den gizon honek, bere bipolartasunari buelta eman ziola jakin nuenean. Eta are gehiago poztu, teknofilo amorratua dela konturatu nintzenean.

Stephen Fry, 2.0 idazlea da orain. Twiterren botatzen ditu bere komeriak (orain Afrikan dugu, duen katarroaren erruz txinpanzeengana asko gerturatu ezinik, dokumentalak egiten). Eta blog diseinu berria estreinatu du. Katxibatxez betea, portzierto (bideoak, podkastak, sare soziala…). Eta horren kosteak ordaintzeko, zenbait eduki “premium” bilakatuko dira, gehiena doan mantenduz. Fryk berak onartzen du. Hipokrita da “open source”-aren alde agertu eta gero dirua jaso nahi izatea. Baina bere irakurle gehienek ondo erantzun diote honi. Ordaintzeko prest daude. Fryren liburuak ordaintzeko prest dauden bezala. Maite dutelako Fry. Interneti esker, Fry oraindik maitagarriagoa bilakatu delako jende askorentzat.

Hain gertukoa egiten ari zait egun hauetan Uganda…

« Zaharragoak Berriagoak »