bizitakoak atalaren artxiboa

Urrezko bareak

Askotan jaso izan ditut, arrazoi osoz, ñoñostiar ia guztiek bezala, “probintzia” delako ente hori oso gutxi ezagutzen dudanaren kritika. Berriz diot badaezpada ere: arrazoi osoz. Ondo ezagutzen dudan herri bakarra (eta gero eta gutxiago, agertzen naizen bakoitzean zeharo aldatua aurkitzen dudalako) Zumarraga da, dakizuenez, ama hangoa dudalako. Beno eta Hondarribia, kontatzera ez noan arrazoi lotsagarri batengatik.

Gaur ñoñostiarrok hain gurea dugun alferkeria kroniko hau alde batera utzi eta aitari bisita egitera joan natzaio Beasaineko Igartzan ireki berri duten Done Jakue bideko aterpetxera. Hamar egunez egon da aita han zaindari gisa eta bihar (beno, jada gaur) Donostian bueltan izango da berriz. Adarra jotzen hasi natzaio, ea inguruko jendeak dagoeneko ezagutzen al duen. Baietz erantzun dit (ez nuen besterik espero). Amaiera aldean agertu den Antonio delako batek nire burlari jarraituz esan didanez, hurrengo urtean “Urrezko barea” saria emango diote aitari, handik agertu diren Done Jakue bideko erromes gutxiekin gida eta ambassador lanak egiteagatik. Halakoxea gure aita. Done Jakue bidearekin truenea sartu zitzaion jubilatu ostean, eta 76 urterekin oraindik hala dabil, erromesak (hauek, ez Benediktorenak) laguntzen. Ni han agertzeak ilusioa egingo ziolakoan nago. Horrexegatik bakarrik, merezi izan du Irun-Brinkola ziraragarria hartzea.

Gustatuko litzaidakeen arren, ez, ez naiz Michael Palin. Ez espero halako kronika zoragarririk. Bi ideiakin gelditu naiz bi ordutan. Eta bi proposamenekin.

Igartzako jauregiari eta multzoari orohar, WIFIa jarri eta aulkien disposizioa aldatuz gero, nik halako barcamp edo deskonferentzietarako sede tankera polita hartu diot. Baina ez dit inork kasurik egingo, noski.

Eta gero, bidean aurkitu ditudan Dizebiren begiradek halako nortasuna ematen diote inguruari. Indarra dute. Sekulakoa. Eta zer nahi duzue esatea, norbaitek margoz-margo halako tour bat antolatuko balu, nik gustura jarraituko nukeela. Gutxi batzuk harrapatu ditut eta gehiago ikusteko gogoarekin gelditu naiz. Hontan ere ez dakit inork kasurik egingo didan. Ez dut uste. Orain-en egin zioten bideoarekin konformatu behar. Ikusi ez dudan herriaren beste %50a ezagutzeko aitzaki bezala erabiliko dut.

“Urrezko danborra” sekula emango ez didatenez (Donostiarekin kritikoekia izateagatik), “Urrezko barea” lortzeko lehian sartuko al naiz? ;)

Umil eta apal, eskerrak emateko

Nire aitaita duela 113 urte jaio zen gaurko egunez. Esan nizuen duela urte asko blog honetan bertan: Juan zuen izena. Juan Zaldua Mendizabal. Beno, Juan Pantaleón, baina zorionez ez zion inork hala deitzen. Sei anaietatik gazteena izan zen eta ikasketak jaso zituen bakarra. Botika batean egiten zuen lana, oso gazte zelarik, eta hango nagusiak esan omen zien gurasoei saiatzeko mutila ikastera bidaltzen. Azkarra zela. Komertzioa ikasi zuen aitaitak eta hogeita sei urte zituela, Rojo Zaldua sortu beste bazkide batzuekin batera.

ANVko zinegotzia izan zen gerra baino lehen -ANV “autentikokua”-. Gerra ostean, galtzaileen zama gainean hartu, eta aurrera egin zuen. Alaba, nire ama, militar baten semearekin ezkondu zitzaion. Ez zuen ezer esan. Fabrikak aurrera jarraitu zuen. Eta familiak. Eta bizitzak. Fabrika Zumarragako trenbide ondotik herritarrentzat osasuntsuagoa den leku batera mugitu zen duela ez asko. Eta orain, momentu berezi batean aurkitzen da. Nolabait tristetzen nauen momentu batean, baina ekidin ezin daitekeena. Tira, horrelakoak dira negozioak.

Geunden enpresa handia utzi eta La Personnalité sortu genuenetik oso presente eduki dut beti aitaita. Berak zer pentsatuko, zer esango, zer egingo. Eta salto ematearen erabakian ere, parte handi bat berari zor diodala uste dut. Bera izan da benetan miretsi, idealizatu eta ia heroi bilakatu dudan pertsona bakarra. Eta bere zintzotasuna eta zuhurtasuna ez da inolako “startup” edo “ekintzaile” liburutan agertuko. Ez duzue berari buruz ezer irakurriko interneten (hau ez baldin bada) eta ez dute hitzaldietan aipatuko. Baina niri, edozerk baino gehiago balio izan dit bere ereduak.

Gaur aitaitarekin akordatu naiz beste behin ere, amak bere urteak izango zirela aipatu didanean. Etxera itzuli eta zerbait idatzi nahi izan diot. Labur eta xume, berari idazteko gauza asko ditudan arren.
Zen bezala, umil eta apal, eskerrak emateko.

Zoru bustiak

Atzo, etxerako bueltan, bizikletan, zoru bustiaren gainean, hotzaren besapean eta ez dakit zenbat zirkunstantzien menpean, nire aurretik zihoan gizona erori egin zen sekulako kolpea hartuz. Gelditu egin nintzen. Ondo al zegoen galdetu nion. Altxatzen lagundu nahi izan nion, baina berak ondo zegoela erantzun zidan. Zoru bustiari bota nion errua nik. Berak ezetz esan zidan buruarekin. Mozkorren irribarre tristea zuen. Mozkorrek bakarrik duten irribarre hori.

Auto-tune: Jef

« Zaharragoak