ideiak atalaren artxiboa

Albiste pozgarrien zerbitzua

Gero eta beharrezkoagoa ikusten dut albiste pozgarrien zerbitzu bat.
Egunean hiru berri on bidaliko lizkioke harpidedunari. Ondo aukeratuak. Ederrak. Hunkigarriak. Optimistak. Harpidedunak jaso eta autobusean aldamenean esertzen zaion lagun betizuarekin komentatuko lituzke. “Nondik atera dituzu?” galdetuko luke honek. “Zerbitzu bat da, egunero jasotzen ditut”, erantzun harpidedunak. Eta betizuak betizu aurpegiarekin begiratzen jarraituko luke ziurrenik. Eta etxera joan eta begiratu egia ote den horrelakorik existitzen dela. Bai. Existituko litzateke.
Bizi ditugun egun beltz hauetan negozio borobila dela uste dut.
Kontrabandoa, merkatu beltza edo droga salmenta bezala.

Zaunkak

Gaur goizean, lagun batek pasatako paper batzuk irakurri ostean, pentsatu dut  gutxienez 4 erantzun posible daudela zaunka egiten dizutenean, edo, beste modu batera esanda, zurekin sartzen direnean:

  • 1. Dobermannarena (agresiboa)
  • 2. Yorkshire Terrierarena (matxakoia)
  • 3. Labradorearena (lasaia)
  • 4. Perro pulgosoarena (iheslaria)

Batzutan izen-abizenekin egingo dizute zaunka. Bestetan, internetek eskaintzen duen anonimotasun erraz eta koldarretik. Batzutan arrazoia izango dute. Bestetan, arrazoi izpirik ez da egongo. Iraina deituko diozu kritika denari, eta alderantziz. Esan ez dizutena entzungo duzu, eta alderantziz. Egiten duzuna epaitu beharrean, zu izango zara etengabe epaitua dena. Sententziatua. Loratua edo fusilatua. Zure iragana ekarriko dute orainera. Eta eraman egingo dute gerora.

“It’s humans against humans”, entzun nuen behin. Batzuentzat ez omen dago beste bizimodurik.

Hori guztia zentzuz eta heldutasunez kudeatzea ez da lan erraza izango, baina egin beharko duzu. Biziraun beharko duzu zure iritzietan. Zure ekintzetan.

Zarenean, eta zarela uste dutenean.

Eroa da mundu hau, baina mundua da azken finean.

 

 

Herite, profite

14 de juillet. Abesti hau asko gustatzen zait. Gainsbourg-en “Bonnie & Clyde”-en oihartzuna eta kritika zorrotz bat. Egun hau ospatzeko ez zait hoberik okurritu. Nire beste blogean jarri nuen duela hilabete batzuk. Ez da gauza gehiegirik aldatu.

« Zaharragoak