ikusitakoak atalaren artxiboa

Prozesuak eta helburuak

Cristobal Balenciaga Museoan izan nintzen larunbatean.
Errazena Camio, paineluak, arkitektoa, diru isurketa eta inoiz jakingo ez ditugunei buruz hitz egitea litzateke. Edo inaugurazioan agertu ziren “celebrities”-ei buruz. Baina diseinua (diseinua zentzu zabalean) maite duen sentimental bat naizenez, zera bakarrik bururatzen zait: Cristobal Balenciagaren lanak museo bat, txalo zaparradak eta bururatzen zaizkidan laudorio guztiak merezi dituela. Itzal guztien gainetik egon behar du horrek. Eta itzalengatik ordain dezatela ordaindu behar dutenek, baina ez Balenciagaren izenak eta memoriak. Kitto.

balenciaga prozesua

Prozesuak eta helburuak. Azken aldian askotan etortzen zait burura, prozesu, teknika eta tresnei garrantzia handiegia ematen zaiela gure gremio hontan. Halako diktadura bat ezarria izan dela, eta hori azken produktua eta erabiltzailearen kalterako dela beti. Errazagoa delako teknologian halako fede itsu bat izatea, buruari bueltak ematea baino. Prezio garestia da hori.

Balenciagaren Museoak eskaintzen duen ibilbidearen azkeneko partean bere obrarik esanguratsuenak daude. Soineko ederrak dira, diseinuaren definizioaren adibide paregabeak. Forma dute. Funtzioa dute. Ederrak dira eta era berean, eramangarriak. Modetatik at daude eta nire sentsazioa da halako soinekoren batean, edozein emakume egongo litzatekeela eder eta eroso. Sormen prozesu bat ikusi dezakegu bakoitzaren alboan dagoen animazio txiki batean. Baina batez ere, helburu estetikoak, anatomikoak, praktikoak eta zergatik ez, filosofikoak betetzen dituen pieza bat agertzen zaigu parez-pare. Helburu horiek gabe, Balenciagaren teknika zorrotzak ez luke inolako zentzurik.

Ea batzuei buruan sartzen zaien.

PS: Pataleta ilustratzeko irudi batzuk lapurtu nituen. Beti amets egin dut museo batean lapurtzearekin, eta soinekorik eramateko aukerarik izan ez nuenez (ez zitzaidan kolekzio guztia ohostutzeko gogoa falta), ideia pedante samar bat eraman nuen nirekin. Barkatuko didate eta didazue.

Herite, profite

14 de juillet. Abesti hau asko gustatzen zait. Gainsbourg-en “Bonnie & Clyde”-en oihartzuna eta kritika zorrotz bat. Egun hau ospatzeko ez zait hoberik okurritu. Nire beste blogean jarri nuen duela hilabete batzuk. Ez da gauza gehiegirik aldatu.

Akanpaden inguruko hausnarketak II

Lehenengo gauza, mila esker bai hemen, bai Sustatun argitaratutakoan erantzunak botatzeagatik. Banan-banan erantzutea eta solasean ibiltzea gustatuko litzaidake zuetako bakoitzarekin (zerbeza bat medio, hobe). Baina ea orokorrean bada ere, erantzuteko denbora hartzen dudan. “Euskaldunok eta 15M mugimendua” gaiak askorako ematen du eta ez dakit ez ote duen gehiago sakontzea merezi. Ziurrenik bai.

Niri psikoanalisia ez zait gustatzen psikologiaren korronte gisa. Autokritikarako joera patologikoa dut eta aurreko hausnarketa horren sintomatzat har dezakezu. Sintomatzat har dezakezun bezala, atzo, Donostiako akanpadan, ez kultura, ez hezkuntza, ez sistema politikoaren batzordean parte hartu izana, baizik eta autokritika batzordean. Eta gainera hitz egin! Ene, ez nuen neure burua honelakoetan ikusten… (ez esan nire amari). 33 urte ditut eta hasiera batean, batzordeko zaharrenetakoa nintzen. Eskerrak Teresa Rabalaren paperan bakarrik utzi ez ninduten batzuk ere agertu zirela. Hori bai, zeharo nekaturik amaitu (ge)nuen denek. Zahar eta gazte.

Nire uste apalean, eta nire uste pertsonala da, besterik ez, ez bainaiz beste inoren bozeramaile, hiru gauza edo tempo edo ez dakit zer, desberdin nahasten ari gara (Donostian behintzat, ez dakit beste hirietan zer gertatzen ari den):

Protesta – Gizarte zibilaren heldutasunerako bidea – Programa politiko zehatzak.

Bi puntutan laburtuko dut buruan dudan korapiloa:

1. Kezkaren, haserrearen eta protestaren mugimendutik, proposamen politiko-ekonomiko asanblearioen mugimendura pasa da hau.
Kritiko askok esan dute “ez duzue proposamen zehatzik” eta jendea proposamen zehatzak egitera beharturik sentitu da. Eta gainera, asanblada moduan. Hori ez dago gobernatzerik eta gainera, proposamen zehatzetan datoz desadostasunak, ñabardurak, etab. Hau da, hauteskunde programa bat egiten saiatzen ari da mugimendu hau, alderdi politiko bat balitz bezala. Oso inteligentea izan da kritikoen aldetik, bai, eta mugimendua, bere naïftasunean, erori da tranpan. Atzoko 8tako asanblada nagusian ez zen ia tarterik izan jendeak mikroa hartu eta nahi zuena adierazteko. Proposamen zehatzak egiteko batzar txikiagoetara pasa zen. Eta jendeak talde terapia behar du. Bere demonioak atera. Exorzismoa. Ona da. Beharrezkoa da. Baina tamalez, badago denbora galtzea dela uste duenik. Programa politikoaren premia. Epe motzera beti. Politikariak bezala, hain zuzen ere. Batzuk hortarako postulatzen ari direla dirudi.

2. Oso ondo pasatzen ari gara baina ez gara ad-infinitum plaza hontan izango, ezta?
Hori da eztabaidatzen ari ez den beste zerbait (programa politiko asanblearioak egiten igarotzen baita denbora guztia). Maiatzaren 23tik aurrera, munduko txoko txiki hontan nola egingo dugu kritikatzen ari garen hau aldatzen saiatzeko? Nola jokatuko dugu geure buruarekiko? Nolako kontrol eta parte hartze mekanismoak jarriko ditugu martxan? Nola helduko diogu soka honi? Ez dakit noiz arte gelditzeko asmoa duten batzuk, baina nik argi daukat, maiatzaren 22tik aurrera datorrela benetako erronka. Eta ez dut batere argi, Bulebarreko txiringitoa desmontatu ostean zer datorren.

Autokritikaren posta da hau, baina ez nuke nire betiko ezezkortasunarekin itxi nahi. Honek ez du gauza handirik aldatuko ziurrenik. Baina behintzat batzuen kontzientzia esnatu du eta beste batzuei beldurra sartu zaie gorputzean. Eta ona da, oso ona da, giro zoragarria egiten zuen ostiral gau batez politikari eta batez ere, politikoa denari buruz hitz egin ahal izatea ezezagunekin. Hor dago lehenengo pausoa (espero dut). Ibiltzen ikasi beharko dugu gertatzen zaionagatik arduratzen den eta benetan bere sistema aldatzeko gai den gizarte zibil heldu bat izatera eraman behar gaituen bidean.

Barkatu ladreilua.

« Zaharragoak