testuak atalaren artxiboa

Harriak

Ohar mentala: ez pentsa inork zure pedradatan jarraituko zaituenik. Alderantziz, harriak botako dizkizute. Ala haitz bati lotu zure ezkerreko txonkatila eta uretara bota. Ez, ez pentsa inork zure pedrada ulertuko duenik, asko jota, barre egingo dizute beraien bihotz gogortuetatik. Harresiaren beste aldera bidaliko zaituzte. Eta auskalo zer dagoen han. Ostrazismoaren ostrakak eta ezer gutxi gehiago.

Eraman guztia

Egunero aurrezki kutxara joaten da, bere bizitzak hor jarraitzen ote duen baieztatzeko. Badirudi baietz. Hori esan dio, kristalezko hormaren beste aldean dagoen neska gazteak. Tonto aurpegia jartzen du kristalaren islan, baina ondo daki zertan ari den. Bizitza zenbatzeko eskatzen dio neskari, eta honek ordenadorean begiratu eta gero, zenbaki bat esan.
Astean behin, bizitza horren zati bat eskatzen dio neskari. Gastuetarako. Fakturak ere ordaintzea tokatzen zaio noizean behin. Eta zenbakiak mugitzen dira. Eta neskak beti goxotasunez kantatzen dizkio. Eta bere tonto aurpegia hor dago beti.
Norbait sartu da aurrezki kutxan. Pistola bat du eskuan eta zoruan etzan daitezela eskatu du garrasika. Baina berak ez du obeditzeko intentziorik. Ez. Aurpegia estalirik duen horrek bere bizitza eraman nahi badu, eraman dezala guztia. Pakete osoa. Neskak keinuekin adierazi nahi dio, ez dela heroien momentua, zutik gelditzea ez duela zentzurik.
Baina badu zentzuren bat berarentzat. Aurrezki kutxako neska bisitatzeko aitzakirik gabe ez baitu bizi nahi.

Tabernako pianista

Hala da, orain ulertzen dut. Ni naiz tabernako pianista, zuen bizitzak eta harremanak bizi dituzuen bitartean lan egiten duena. Ni naiz, fondoko melodia jotzen duena, ikustezina dena, inor konturatu gabe existitzen dena. Ni naiz eta ni izango ez banintz, beste norbait izango litzateke. Ez du gehiegi inportik. Eta ikusten zaituztet, eta zeharka begiratzen zaituztet, baina ezin zaituztet ikutu. Ezin dut zuekin hitz egin. Pianoa jotzen jarraitu behar dut. Solo amaigabe hau, zuen irri, muxu eta keinu konplizeen soinu banda izan dadin.

Auto-tune: Invisible Man