emakumeak

{ 2009/03/28 }

Adaptive Path miresgarriari esker jakin nuenez, aste honetan, Ada Lovelace eguna ospatu zen, teknologian dabiltzan emakumeak omentzen dituen eguna. Egia da teknologiaren munduan, gizonezkoak nagusi direla -oso nagusi esago nuke-, eta nik ere nabaritzen dut, nire inguruan sekula baino mutil gehiago dagoela -baina ez dut batere ligatzen, ez uste-. Eta giroa zenbat eta teknikoagoa izan, are eta mutil gehiago topatzen dudala bidean. Gauza teknopatiko hauetan gabiltzanen bilkuretan, gehienetan neska bakarra naiz (tira, Mirenek laguntzen ez badit behintzat).

Ez nuke esango mundu matxista denik. Zerbait kontatuko dizuet. Nire lehenengo lan ez ordainduetako bat, Donostiako irrati txatxu lokal batean izan zen. Kiroletan. Txikitatik izan naiz futbolzalea eta partida asko ikusi ditut nire bizitzan zehar. Ez Realarenak bakarrik, edozein gauza ikusteko gai naiz. Futbola maite dut estrategia, indarra eta talentua nahasten dituen einean. Eta futbola ikusten ikasi dut denboran zehar. Zertxobait badakit. Ez, ez didazu jokoz kanpokoa azaldu behar. Baina irrati hartan nire iritziak ez zuen berdina balio. Eta emakume izateagatik da, ez dut zalantzarik, beste bateren ahotan iritziak sekulako balioa zuelako. Hori bai dela mundu matxista.

Teknologian bestelako diskriminazioak daudela iruditzen zait. Badagoela sorbaldaren gainetik begiratzeko halako joera bat. Paternalismo eta elitismo puntu batekin. Denborarekin pasako zaigula espero dut. Baina matxismoa, matxismoa bere izaera osoan, nik ez dut nabaritu, zorionez. Eta nabaritzezkeotan, kontuz ibili daitezela. Eskarmentatua nago eta.

Zorionak teknologian dabiltzan emakume guztioi. Eta urte askotako.

2 erantzun artikulu honentzat “emakumeak”

  • Jon

    2009/03/31

    Kaixo; BERRIA egunkaritik idazten dizut, esateko aste honetako Zibergela sailean ‘emakumeak’ izenburuarekin idatzi duzun artikulua argitaratzeko asmoa dugula. Blogaren lizentziak ez ditut aurkitu, baina gure ohiko formula erabiliko genuke argitalpenean: alegia, batetik testua zer blogetatik jaso dugun eta blogaren helbidea jakinarazi, eta bestetik, testuak blogean dituen lizentziapean argitaratzen ditugula esan. Baldintza horietan eragozpenik ez izatea espero dugu. Horrela bada bihar bertan publikatuko dugu artikulua, euskal blogosfera ‘ezagutarazteko’ argitaratzen dugun tartean. Zorionak blogarengatik. jon.

  • ana m.

    2009/03/31

    Kaixo Jon! Bai, bai, erabili lasai testua (gorritu eta dena egin naiz). Egia esan, nire blog honek ez du lizentziarik. Ganoragabe xamarra nauzue. :D

Erantzun

Zer da hau?

Iraultzaren hurrengo egunean heldu ginen. Jadanik argiak itzalirik zeudenean. Ederra izan zen. Ez genuen ezer ulertu, baina hauek dira kronikak.

Nork idazten du?

Nire izena Ana da eta kitto.

Iraindu nahi badidazu ala madarikazioak bidali, hemen duzu aukera.