haur tristeen irribarrea
{ 2007/07/28 }
Atzo jaso nuen berria: B., nire matematikako irakasle izan zenak (inoiz suspenditu didan irakasle bakarrak), bere buruaz beste egin du. Korronte hotz batek nire gorputz osoa zeharkatu zuen eta ezin izan nuen egun osoan burua altxa. B.-rentzat bakarrik nituen pentsamenduak. Gaur ere.
Tipo berezia zen B. Atzerrian jaioa, euskaraz erdizka egiten zuen. Berrogeita hamarretik gorakoa izan arren, bazuen begiradan haurren diztira bitxi hori. Eta sudur luze bat. Eta nire irudipenetan (orduan BBB-en nengoen, nire garai latzenetan), mutilzar askoren istorioa: bizitza oso batez gurasoak zaintzen ibili ostean, hutsune handi baten zurrunbiloan irentsita biziko zen. Bizitza propio bat gabe. Ziur.
Literarioa zen B. Zinematografikoa agian. Gogoan dut BBB-ko 3. mailan nobela labur bat idatzi behar izan nuela. New York-eko literatura irakasle bati buruz egin nuen idatzi pedante hura. Azkenean pertsonaiak B.-rekin zerikusirik ez izan arren, iturria nabaria zen niretzat. Niretzat bakarrik. Nire sekretua zen: nire imaginario propioan zegoen B. hura idatzi nuen.
Bazuelako B.-k haur tristeen irribarrea. Azkeneko urteetan kaletik topatzen nuenean, irribarre horrekin agurtzen ninduen. Nirekin akordatzen zen, seguruenik, sekula ulertu ez zion ikasle horietako bat izan nintzelako. Baina B., ulertzen ez nuena Matematika zen. Beste guztia ederki ulertuko nuen.
Orain, ni portuko leiho honetatik begira, hutsune mingarri bat nabaritzen dut. Esan izan bazenit, B., Bretxan konpra egiten topatu ginen hartan… Esan izan bazenit… Ez dakit… Kaka zaharra, B.
Agian ez ginen hain hutsik egongo…
Atala: bizitakoak |

Erantzun