Umil eta apal, eskerrak emateko

Nire aitaita duela 113 urte jaio zen gaurko egunez. Esan nizuen duela urte asko blog honetan bertan: Juan zuen izena. Juan Zaldua Mendizabal. Beno, Juan Pantaleón, baina zorionez ez zion inork hala deitzen. Sei anaietatik gazteena izan zen eta ikasketak jaso zituen bakarra. Botika batean egiten zuen lana, oso gazte zelarik, eta hango nagusiak esan omen zien gurasoei saiatzeko mutila ikastera bidaltzen. Azkarra zela. Komertzioa ikasi zuen aitaitak eta hogeita sei urte zituela, Rojo Zaldua sortu beste bazkide batzuekin batera.

ANVko zinegotzia izan zen gerra baino lehen -ANV “autentikokua”-. Gerra ostean, galtzaileen zama gainean hartu, eta aurrera egin zuen. Alaba, nire ama, militar baten semearekin ezkondu zitzaion. Ez zuen ezer esan. Fabrikak aurrera jarraitu zuen. Eta familiak. Eta bizitzak. Fabrika Zumarragako trenbide ondotik herritarrentzat osasuntsuagoa den leku batera mugitu zen duela ez asko. Eta orain, momentu berezi batean aurkitzen da. Nolabait tristetzen nauen momentu batean, baina ekidin ezin daitekeena. Tira, horrelakoak dira negozioak.

Geunden enpresa handia utzi eta La Personnalité sortu genuenetik oso presente eduki dut beti aitaita. Berak zer pentsatuko, zer esango, zer egingo. Eta salto ematearen erabakian ere, parte handi bat berari zor diodala uste dut. Bera izan da benetan miretsi, idealizatu eta ia heroi bilakatu dudan pertsona bakarra. Eta bere zintzotasuna eta zuhurtasuna ez da inolako “startup” edo “ekintzaile” liburutan agertuko. Ez duzue berari buruz ezer irakurriko interneten (hau ez baldin bada) eta ez dute hitzaldietan aipatuko. Baina niri, edozerk baino gehiago balio izan dit bere ereduak.

Gaur aitaitarekin akordatu naiz beste behin ere, amak bere urteak izango zirela aipatu didanean. Etxera itzuli eta zerbait idatzi nahi izan diot. Labur eta xume, berari idazteko gauza asko ditudan arren.
Zen bezala, umil eta apal, eskerrak emateko.

Prozesuak eta helburuak

Cristobal Balenciaga Museoan izan nintzen larunbatean.
Errazena Camio, paineluak, arkitektoa, diru isurketa eta inoiz jakingo ez ditugunei buruz hitz egitea litzateke. Edo inaugurazioan agertu ziren “celebrities”-ei buruz. Baina diseinua (diseinua zentzu zabalean) maite duen sentimental bat naizenez, zera bakarrik bururatzen zait: Cristobal Balenciagaren lanak museo bat, txalo zaparradak eta bururatzen zaizkidan laudorio guztiak merezi dituela. Itzal guztien gainetik egon behar du horrek. Eta itzalengatik ordain dezatela ordaindu behar dutenek, baina ez Balenciagaren izenak eta memoriak. Kitto.

balenciaga prozesua

Prozesuak eta helburuak. Azken aldian askotan etortzen zait burura, prozesu, teknika eta tresnei garrantzia handiegia ematen zaiela gure gremio hontan. Halako diktadura bat ezarria izan dela, eta hori azken produktua eta erabiltzailearen kalterako dela beti. Errazagoa delako teknologian halako fede itsu bat izatea, buruari bueltak ematea baino. Prezio garestia da hori.

Balenciagaren Museoak eskaintzen duen ibilbidearen azkeneko partean bere obrarik esanguratsuenak daude. Soineko ederrak dira, diseinuaren definizioaren adibide paregabeak. Forma dute. Funtzioa dute. Ederrak dira eta era berean, eramangarriak. Modetatik at daude eta nire sentsazioa da halako soinekoren batean, edozein emakume egongo litzatekeela eder eta eroso. Sormen prozesu bat ikusi dezakegu bakoitzaren alboan dagoen animazio txiki batean. Baina batez ere, helburu estetikoak, anatomikoak, praktikoak eta zergatik ez, filosofikoak betetzen dituen pieza bat agertzen zaigu parez-pare. Helburu horiek gabe, Balenciagaren teknika zorrotzak ez luke inolako zentzurik.

Ea batzuei buruan sartzen zaien.

PS: Pataleta ilustratzeko irudi batzuk lapurtu nituen. Beti amets egin dut museo batean lapurtzearekin, eta soinekorik eramateko aukerarik izan ez nuenez (ez zitzaidan kolekzio guztia ohostutzeko gogoa falta), ideia pedante samar bat eraman nuen nirekin. Barkatuko didate eta didazue.

Herite, profite

14 de juillet. Abesti hau asko gustatzen zait. Gainsbourg-en “Bonnie & Clyde”-en oihartzuna eta kritika zorrotz bat. Egun hau ospatzeko ez zait hoberik okurritu. Nire beste blogean jarri nuen duela hilabete batzuk. Ez da gauza gehiegirik aldatu.

« Zaharragoak Berriagoak »