Kazetaritzaren prekarietatea eta gutxieneko zerbitzuak

Bilduren erabaki, agerraldi edo denadelako bakoitzak ekartzen dituen tirabiren telesailaren azkeneko (ala azkenaurreko) kapitulua: “prentsaurreko elebakarrak” du izenburu. Sustatun laburbildurik irakur dezakezue. Interesgarriak dira artikuluan eta iruzkinetan aurki daitezkeen ekarpenak. Benetan.

Kazetari bati jakinmina, izaera kritikoa, gizartearekiko ardura eta komunikaziorako gaitasuna aurreikusten bazaizkio, prentsaurreko elebakarren kontu honetan (eta beste hainbatetan, ez pentsa) batzuk ez dira zerbitzu minimoetara ere heltzen. Izaskun Perezen post hau berrirakurri behar izaten dut balore hauek gogoratu nahi ditudan bakoitzean. Gero eta maizago, zoritxarrez.

Prentsaurrekoen kontu honek, hainbat irakurketa politikoz gain, batez ere kazetaritzaren egoera prekarioa begibistan uzten duela esango nuke. Azkenaldian askotan gogora etortzen zaidan pentsamendua eta bereziki tristetzen nauena. Ez bokazioz, ez ofizioz ez naizelako sekula kazetaria izan, baina halako zerbait ikasi nuelako duela hamar bat urte eta ezagunak ditudalako ogibidean. Batzuk, estimatu eta dena egiten ditut.

Kazetaritzarena beti izan da mundu prekario bat. Bizi dugun krisi ekonomikoaren eta azkeneko hamarkadan eman den aldaketa teknologiko-kulturalaren ondorioz, prekarietate hori are nabarmenagoa egin da agian. Bokazioz egiten den zerbait dela pentsatu dut beti, beharbada niri bokazio hori falta izan zaidalako.

Batzuk errebelatzen garen arren, mundu honek bokaziorako leku txikia uzten du. Hori izango da agian komunikabideak publizitatea, fabore trukaketak, esklutsibak, etab. bermatuko dituen groupie papera betetzera behartu dituen arrazoietako bat. Groupie izate hortan erraz hartu dute lekua eta hegemonia galderarik onartzen ez duten prentsaurrekoek, baieztatzen ez diren prentsa oharren biblia sakratuek eta konpresa iragarki batetik aterata diruditen elkarrizketek. Komunikabide batek ideologia jakin bat izatea onatzen dut, gizakiak babesa eta gerra behar duelako bizitzan. Morroitza pauso bat haratago doa eta gogorragoa egiten zait.

Komunikabideek beraien egoera ekonomiko latzaz kexu direnean gogoratu behar dute zein den hartu zuten bidea, ondo kontatutako istorio onak neurri batean alboratuz (eta onak diodanean beharrezkoak esan nezake). Argi izan behar dute ere zergatik kostako zaien orain ondo kontatutako istorio onak baloratu eta kontsumitzeko prest dauden pertsonak erakartzea.

Eta hor ditugu, aparatuaren sostengu, lau sosengatik etika guztia lurperatu behar izan duten kazetari lobotomizatuak. Bizitza hobe baten esperantza guztia galdurik, “total, zertarako?” triste batean bizi dira batzuk, “nik ez dut arazorik nahi” batean besteak eta “orain hau komeni zait” pentsatuz baina esan gabe ziniko itxaropentsuenak. Batzuk bokazioa mantenduko dute intimitatean. Lan egingo dute, gogor gainera. Hortan sinetsi nahi dut. Baina beste asko ez dira, esan bezala, gutxieneko zerbitzua ematera helduko. Eta hortarako hobe beste zerbaitetan arituko balira. Beraien eta guztion zorionerako.

Prekarietatea. Baloreetan, bokazioetan, poltsikoetan.

Harriak

Ohar mentala: ez pentsa inork zure pedradatan jarraituko zaituenik. Alderantziz, harriak botako dizkizute. Ala haitz bati lotu zure ezkerreko txonkatila eta uretara bota. Ez, ez pentsa inork zure pedrada ulertuko duenik, asko jota, barre egingo dizute beraien bihotz gogortuetatik. Harresiaren beste aldera bidaliko zaituzte. Eta auskalo zer dagoen han. Ostrazismoaren ostrakak eta ezer gutxi gehiago.

Akanpaden inguruko hausnarketak II

Lehenengo gauza, mila esker bai hemen, bai Sustatun argitaratutakoan erantzunak botatzeagatik. Banan-banan erantzutea eta solasean ibiltzea gustatuko litzaidake zuetako bakoitzarekin (zerbeza bat medio, hobe). Baina ea orokorrean bada ere, erantzuteko denbora hartzen dudan. “Euskaldunok eta 15M mugimendua” gaiak askorako ematen du eta ez dakit ez ote duen gehiago sakontzea merezi. Ziurrenik bai.

Niri psikoanalisia ez zait gustatzen psikologiaren korronte gisa. Autokritikarako joera patologikoa dut eta aurreko hausnarketa horren sintomatzat har dezakezu. Sintomatzat har dezakezun bezala, atzo, Donostiako akanpadan, ez kultura, ez hezkuntza, ez sistema politikoaren batzordean parte hartu izana, baizik eta autokritika batzordean. Eta gainera hitz egin! Ene, ez nuen neure burua honelakoetan ikusten… (ez esan nire amari). 33 urte ditut eta hasiera batean, batzordeko zaharrenetakoa nintzen. Eskerrak Teresa Rabalaren paperan bakarrik utzi ez ninduten batzuk ere agertu zirela. Hori bai, zeharo nekaturik amaitu (ge)nuen denek. Zahar eta gazte.

Nire uste apalean, eta nire uste pertsonala da, besterik ez, ez bainaiz beste inoren bozeramaile, hiru gauza edo tempo edo ez dakit zer, desberdin nahasten ari gara (Donostian behintzat, ez dakit beste hirietan zer gertatzen ari den):

Protesta – Gizarte zibilaren heldutasunerako bidea – Programa politiko zehatzak.

Bi puntutan laburtuko dut buruan dudan korapiloa:

1. Kezkaren, haserrearen eta protestaren mugimendutik, proposamen politiko-ekonomiko asanblearioen mugimendura pasa da hau.
Kritiko askok esan dute “ez duzue proposamen zehatzik” eta jendea proposamen zehatzak egitera beharturik sentitu da. Eta gainera, asanblada moduan. Hori ez dago gobernatzerik eta gainera, proposamen zehatzetan datoz desadostasunak, ñabardurak, etab. Hau da, hauteskunde programa bat egiten saiatzen ari da mugimendu hau, alderdi politiko bat balitz bezala. Oso inteligentea izan da kritikoen aldetik, bai, eta mugimendua, bere naïftasunean, erori da tranpan. Atzoko 8tako asanblada nagusian ez zen ia tarterik izan jendeak mikroa hartu eta nahi zuena adierazteko. Proposamen zehatzak egiteko batzar txikiagoetara pasa zen. Eta jendeak talde terapia behar du. Bere demonioak atera. Exorzismoa. Ona da. Beharrezkoa da. Baina tamalez, badago denbora galtzea dela uste duenik. Programa politikoaren premia. Epe motzera beti. Politikariak bezala, hain zuzen ere. Batzuk hortarako postulatzen ari direla dirudi.

2. Oso ondo pasatzen ari gara baina ez gara ad-infinitum plaza hontan izango, ezta?
Hori da eztabaidatzen ari ez den beste zerbait (programa politiko asanblearioak egiten igarotzen baita denbora guztia). Maiatzaren 23tik aurrera, munduko txoko txiki hontan nola egingo dugu kritikatzen ari garen hau aldatzen saiatzeko? Nola jokatuko dugu geure buruarekiko? Nolako kontrol eta parte hartze mekanismoak jarriko ditugu martxan? Nola helduko diogu soka honi? Ez dakit noiz arte gelditzeko asmoa duten batzuk, baina nik argi daukat, maiatzaren 22tik aurrera datorrela benetako erronka. Eta ez dut batere argi, Bulebarreko txiringitoa desmontatu ostean zer datorren.

Autokritikaren posta da hau, baina ez nuke nire betiko ezezkortasunarekin itxi nahi. Honek ez du gauza handirik aldatuko ziurrenik. Baina behintzat batzuen kontzientzia esnatu du eta beste batzuei beldurra sartu zaie gorputzean. Eta ona da, oso ona da, giro zoragarria egiten zuen ostiral gau batez politikari eta batez ere, politikoa denari buruz hitz egin ahal izatea ezezagunekin. Hor dago lehenengo pausoa (espero dut). Ibiltzen ikasi beharko dugu gertatzen zaionagatik arduratzen den eta benetan bere sistema aldatzeko gai den gizarte zibil heldu bat izatera eraman behar gaituen bidean.

Barkatu ladreilua.

« Zaharragoak Berriagoak »