Akanpaden inguruko hausnarketak

Madrileko Puerta del Soleko irudiak ikusi ditut Periodismo Humano-ren eskutik. 20.00ak pasatxo zirenean Donostiako Bulebardetik pasa naiz, ea zeozer bazegoen #acampadadonostia deiari erantzunez. 75 bat pertsona zeudela esan du norbaitek. Nik gutxixeago zirela esango nuke. Kazetari jantzi erdoildua jarri dut eta han esandakoa tuiteatzen jarri naiz. Kontatzearen plazerragatik.
Donostian biharko deia egin dute 20.00etan akanpatzeko. 20 bat prest agertu dira. Permisoak eskatuko dituzte. Logistika pixkat bat eta jendea, batez ere, jendearen beharra sumatzen da. Bilbon ez zekiten gaur gauean 6 ala 10 izatera helduko ote ziren. Ea bihar Donostian zenbat biltzen diren Bulebarrean.
Halako herri beligerantea izanik euskalduna, zergatik ez du halako erantzuna izan Democaria real ya mugimienduak? Hainbat hausnarketa etortzen zaizkit gogora, okerrak, ziur, gehienak. Interesatzen bazaizkizu, ondo. Baina gehienbat, nik neuk ez ahazteko idazten ditut hemen.

Espainiarekiko desafekzioa (abertzalea izan ala ez): Espainiaren arazoak ez ditugu gureak ikusten. Gero eta urrutiagokoak suertatzen zaizkigu. Eta ez hori bakarrik, sorbaldaren gainetik begiratzeko kapazak gara sarritan. Bai arazoen iturria, bai arazo horiei eman nahi zaien erantzuna (berdin du hau nolakoa den). Niri behitzat, gertatzen zait.

Euskal Herrian hobeto bizi gara: Aurreko puntuarekin zerikusia du. Ez nuke ondo bizi garenik esango, baina datuek diotenez, krisiak ez digu hain gogor jo eta langabezia tasa ez da hain altua. Eta ez, espainolekiko solidaritatea eta elkartasuna ez da sekula euskaldunen puntu fuerteetako bat izan. :D

Sektarioak eta mesfidatiak gara: Herri hau askotan irten da kalera, hori onartu beharra dago. Eta Gorka Juliok esan didan bezala, arrazoi erradikalagoengatik ere. Onartu egingo dut hau ere. Baina ia beti korronte politiko eta sigla batzuen azpian. Ia beti alderdi jakin batzuek ala sindikatu jakin batzuek deiturik. Euskaldunak amorfotasunean gaizki moldatzen gara. Mesfidati egiten gaitu. “Hauek nire taldekoak dira ala ez?”, galdetzen diogu geure buruei. Eta zalantza izpi txikienaren argipean, etxean gelditu. Agian sektarioarena oso fuertea gelditu zait. Jar ezazu “partidista” horren ordez. Badakizu, noizean behin nire alde antialderdisistema ateratzen zaidala.

Zentrifugoa dena zentripetoa bilakatzen denean: Igandean Espainia osoko hiritan egon zen manifestazio deia. Donostiakoan nik espero nuena baino jende gehiago bildu zen (ez nuen inor espero, hori ere egia da). Baina mugimenduaren indar guztia Madril eta Bartzelonan elkartzen ari da (batez ere, lehenengoan), eta irakurri dut Granadan ere, Donostia eta Bilbon bezala, jende gutxi agertu dela. Bi hiri nagusiak puntxa irabazten doazen eran, atentzio fokoa eta ondorioz, mobilizazio gaitasuna murrizten doa beste hirietan. Joder, honek futboleko 1. maila dirudi.

Zer iruditzen zaidan niri Democracia real ya eta akanpaden kontu hau guztia? Nire zalantzak ditut, noski, edozeinek bezala. Badu puntu naïf bat. Badu “ea noiz etorriko den hau dena hondatzera” puntu bat ere. Badu “honen guztiaren atzean esku zitalen bat egongo da” puntua. Eta noski beti dago hor “honekin ez goaz inora” puntua. Baina denbora daramat erantzun baten eske, niretzat erabat suntsituta dagoen sistema baten aurrean. Eta hau zuzena, okerra, espainolena, gaztetxo inuxente batzuena, edo nahi duzuenena, baina erantzun bat da. Pataletaren eskubidea bermatu beharko luke Giza Eskubideen deklarazio orok.

Eta erantzuten duenari eta behingoz, aurpegia ematen duenari, nik ezin diot ezer leporatu. Are gutxiago gero eta deserosoagoa zaidan etxeko sofa hontantik. Gertutik ikusi nahi dut istorio txiki hau. Eta neure buruari bada ere, kontatu.

Liburu aurkezpenak

Liburu aurkezpenak idazlearen gurasoek egin beharko lituzkete.
Haiek egin sarrera. Haiek aurkeztu seme edo alaba eta bere obra. Azken liburuaren gakoak eman. Filiak eta fobiak erakutsi, txikitatik datozelako denak. Eta “zuek ez duzue jakingo baina…” lelo etengabearekin, idazlea mahaiaren izkin batean uzkurtuko da, deseroso sentituko da, gorrituko da eta ez dugu miretsiko, baina bere gizatasunean, inperfekzioan eta zergatik ez, inozokeri supinoan, maiteko dugu idazlea.
Gurasoek maite duten bezala.

Eraman guztia

Egunero aurrezki kutxara joaten da, bere bizitzak hor jarraitzen ote duen baieztatzeko. Badirudi baietz. Hori esan dio, kristalezko hormaren beste aldean dagoen neska gazteak. Tonto aurpegia jartzen du kristalaren islan, baina ondo daki zertan ari den. Bizitza zenbatzeko eskatzen dio neskari, eta honek ordenadorean begiratu eta gero, zenbaki bat esan.
Astean behin, bizitza horren zati bat eskatzen dio neskari. Gastuetarako. Fakturak ere ordaintzea tokatzen zaio noizean behin. Eta zenbakiak mugitzen dira. Eta neskak beti goxotasunez kantatzen dizkio. Eta bere tonto aurpegia hor dago beti.
Norbait sartu da aurrezki kutxan. Pistola bat du eskuan eta zoruan etzan daitezela eskatu du garrasika. Baina berak ez du obeditzeko intentziorik. Ez. Aurpegia estalirik duen horrek bere bizitza eraman nahi badu, eraman dezala guztia. Pakete osoa. Neskak keinuekin adierazi nahi dio, ez dela heroien momentua, zutik gelditzea ez duela zentzurik.
Baina badu zentzuren bat berarentzat. Aurrezki kutxako neska bisitatzeko aitzakirik gabe ez baitu bizi nahi.

« Zaharragoak Berriagoak »