politika etiketa duneak

Donostiako metroaren inguruko galderak

Ez dakit zer iruditzen zaidan Donostian metroa eraikitzeak. Zalantzak sortzen dizkit, etimologiatik soziologiara. Ekonomiatik ekologiara.

  1. Lehenengo zalantza, metroa deitzea da nik beti topo deitu diodan horri. Metroa askoz ere azpiegitura sofistikatuagoa dela uste dut. Linea anitzekoa. London, Paris, Madrid edo Berlinen aurki daitekeena. Niri Bilbokoa ez zait metro bat iruditzen, bilbainada bat baizik, baina hori nire ikuspegi ñoñostiar-maltzurra da.
  2. Bigarren zalantza: ez dakit Donostiako biztanleriak (185000 lagun) eta tamainak (60,89 km²) halako inbertsioa justifikatzen ote duen.
  3. Eta hirugarrena, esparrua Gipuzkoa baldin bada, lehenengo Foru Aldundiarekin hitz egin beharreko zerbait izango da. Eta dirudienez, ez dira hortik hasi. Ez dakit ere horrek Donostiak duen trafiko arazoa konponduko ote duen. Donostiako trafikoaren arazoa ez da, ein handi batean, Donostian jaiotzen eta amaitzen. Gipuzkoako hainbat eta hainbat herritan baizik.

Eta gero irakurketa politikoa dago. Eusko Jaurlaritza Gipuzkoa defenestratua berreskuratzeko ahalegina egiten ari denaren susmoa dut, Foru Aldundiko hauteskundeak iritsi bitartean. Hori badirudi dela PSE-ren hurrengo helburu estrategikoa, hatz puntekin ikutzen ari diren zerbait baita. Nire susmoak susmo, eta estrategiak estrategia izanik, krisiari obra publikoarekin aurre egingo diote. Ez baitzaio inori beste ezer hoberik otutzen.

Euskal Judea

Esan beharra daukat grazia handia egiten didala hainbeste alderdi politikoen sorrerak. Beharbada, egoera montipythoniano bat ekartzen didalako gogora. Beharbada, ez dudalako jada sistema honetan sinesten eta alderdiak, sistemaren dekadentziaren isla direla iruditzen zait. Ez dakit. Ez dut ideia argirik ere honen inguruan (ezerren inguruan, egia esan). Transizioaren garaira itzuli gara nolabait? Laia bai, Laia ez, Laia agian batera? Ba al dago tokia guztientzat? Ez al dira ein handi batean zenbait pertsonen haserre eta desadostasunaren ondorio, gizarteak behar duena beste planeta batean dagoen bitartean?

Nire sentsazioa baita, alderdi berriak sortu bai, (eta ongi etorriak guztiak zirkora, ziur oso ondo pasako dutela denek) baina ez dagoela benetako proposamen berririk. Gazteleraz esaten den bezala, ez dago eta ez gaude bere zain.

Hor nonbait irakurri dut: txutxeri denda mailako klase politikoa dugu herri honetan.

PS: Sorrera hauetan guzietan, badago nire arreta esnatzen duen beste zerbait: gehien behar dutenean, hastapen hauetan, ez dute Interneten inolako presentziarik.

Zer da hau?

Iraultzaren hurrengo egunean heldu ginen. Jadanik argiak itzalirik zeudenean. Ederra izan zen. Ez genuen ezer ulertu, baina hauek dira kronikak.

Nork idazten du?

Nire izena Ana da eta kitto.

Iraindu nahi badidazu ala madarikazioak bidali, hemen duzu aukera.

Bestelako gauza txikiak: