workaholiko baten arnas estua
{ 2006/11/25 }
Ondorengo testua ez dut lehiaketa hau irabazteko asmoarekin idatzi. Norbaitek baliogarria aurkitzen badu, horrek poztuko nau. Norbait nire egoeran aurkitu edo aurkitzen bada, eta testu honek laguntzen badio, horrek poztuko nau ere. Ez du bestelako helbururik. Arazo bat dut eta lehenengo gauza onartzea da. Eta bigarrena, partekatzea.
Urte bikaina izan dut. Bikaina eta gogorra. Offline publizitatetik etorrita, online kreatiboa izatera pasa nintzen otsaila aldean. Zer egiteko? Webguneak pentsatu, prototipatu eta informeak aurkeztu, gauza berriak proposatu, markaren presentzia zaindu eta testuak idatzi. Benetako pasioarekin. Pozik. Orduak sartu eta gainera, lana etxera neraman buruan, Alestiko feed-ak etengabe begiratzen nituen, gauza berrien bila, ideia berrien bila. Del.icio.us ere, pilpilean beti. Erreferentziak, buruhausteak, xedeak, ildo kreatiboak, estrategiak… Gero eta proiektu handiagotan sarturik, gauza konplikatuak gero eta gehiago biribildu eta hobetu nahian, gero eta sartuago… Workaholikolismoak jota.
Nire gorputzak lehengo asteartean “aski da” esan zuen arte. Eta ostegunean “gelditu, mesedez” eskatu zidan arte.
Etxera nindoan autobusez. MP3an, MacNamararen abesti eder bat entzuten. Eta bat-batean, arnasa falta zitzaidala nabaritu nuen. Zorabio arraro bat. Larritu egin nintzen, hipokondriako xamarra naizelako. “Hiltzera noa, amaiera da, agur esango diot munduari Benta-Berri batetik. Tristea benetan”. Bulebarrean jeitsi nintzen, bizirik oraindik. J.-rekin topatu nintzen. Zer nuen galdetu zidan. Beldurra. Beldur izugarri bat. Beldurrari beldurra. Horrelako zerbait da antsietatea. Gau hartan tila eta balerianak hartzen hasi nintzen.
Ostegun arratsez, infernura jeitsi nintzen. Etxera kotxez eraman ninduten (bi aste eman ditut bizikletarik gabe, konponketa prozesua eta eguraldi kaxkarra zela eta). Bero izugarria somatu nuen kotxean. Berriro ere arnas estua. Etxean sartu nintzen buelta emango niolakoan. Ez zegoen bueltarik. Afaltzen saiatu nintzen baina hozkada bakoitzean ito egin behar nuela sentitzen nuen. Zorabioak gauza zentzugabeak esanarazten zizkidan. Hitz egiteko gogo handia nuen, baina indar gutxi.Negarrez hasi nintzen. Beldurrari beldurra beste behin. Hiltzorian beste behin. Ez nuen lorik egin nahi, hurrengo goizean ez nintzela esnatuko uste bainuen. Tila bat eta hiru baleriana. Lo hartu nuen oraindik ez dakit nola. Arnasarekin nuen obsesioa. Arnasean pentsatzen ez nuenean, ez nuen arnasik egiten. Edo hori uste nuen nik. Erotzen ari nintzen. Errealitate biologiko zentzugabe bat bizitzen.
Ostiral goizez, autobusean, inguruarekin nuen harremana eten egin zen. Ez nuen ezer egiteko adorerik. Lankideek etxera joatera behartu ninduten. Edo behintzat, handik alde egitera. Nigatik egin zutena ez dut sekula ahaztuko. Ni ez nintzen erabaki hori hartzeko gai sentitzen. Han egon behar nuen, egunero bezala, nire lanean zainetaraino murgildurik. Ni nor naizen ahaztuz. Ez zela ulertuko uste nuen. Tontakeria galanta zela usteko zutela. Lotsatuta alde egin nuen nolabait. Hain ahula izateagatik. Nire lana asko gustatzen zait, nire lankideekin primeran nago. Zergatik? Zergatik ezin dut gehiago? Zoriontsua izan beharko nuke. Zergatik belaunetan dudan dardara hau?
Donostiatik bueltak ematen ibili nintzen. Anaiarekin topatu. Gurasoen etxean bazkaldu. Eta arratsalde partez, Ainararekin elkartu nintzen. Ainara nire lagun minena da. Eta medikua. Errita egin zidan lehenago ez deitzeagatik. Amorru ematen dio nire “ez molestatzeagatik” horrek. Hori da ni bezalakoen beste akats bat. Ez dugu sekula laguntzarik eskatzen gaizki gaudenean. “Ez molestatzeagatik”. Dena irensten dugu. Daukadana antsietatea dela esan zidan. Eta hala da. Arazoa ez omen da nirea bakarrik. Inguratzen nauenak ere ez didala batere laguntzen. Eta beharbada psikologo bat behar dut, antsietate hau bideratzen ikasteko. Beharbada.
Behin arazoa identifikatu dugula, hau da hemendik aurrera jarraitu beharreko plana:
- Deskonexioa: laneko buruek asko lagundu didate, hurrengo astea jai hartzera gonbidatuz eta eskertzeko da, benetan.
- Autoazpimarraketa: ez dut egin nahi ez dudan ezer egingo eta ezetz esaten ikasiko dut behingoz.
- Lasaitasuna: erabakirik hartu beharrik gabe, motel, nire erritmora egingo ditut gauzak.
- Laguntza: ez da ezer gertatzen honelako zerbait izateagatik, ez zaitu pertsona okerragoa egiten eta laguntza behar badut eskatu egingo dut.
- Erlatibitatea: ez ditut gauzak hain biziki biziko, lehenengo gauza ni eta nire osasuna gara, horretarako beste guztiarekin distantzia handiagoa jarri behar baldin badut, jarri dezadala.
Indarrak bildu behar ditut. Eta ingurukoen laguntza pixka bat. Hoberako izango da dena. Ni hobeto egongo naiz eta hobeto egingo ditut gauzak. Eta beldurrari beldur hori galduko dut.
Barne-bidaia bat izango da.
Lasai, bidaliko dut postalen bat.
Atala: bizitakoak |

Jose
2006/11/25
Ongi etorria klubera! baina zure kasuan berehala identifikatu problema eta laguntza eskatu edo topatu duzu eta garrantzitsuena zure egoerari buruz hitz eginten ari zara, ez duzu gorde zuretzat.
Askotan, ematen du horrelako gauzak bakarrik niri gertatzen zaizkit eta asko eta asko gara ansiolitikoak hartu behar ditugunok.
Bakoitzak bilatzen du bere bidea egoera horretatik ateratzeko, baina niri sendagileak esan zidan botikak hartu nituen (terapia de choque) eta yoga ere lagungarria izan da. Azken honek ez du sendatzen baina haize hartzera eta lasaituna lortzera laguntzen du.
Tribaldo
2006/11/25
Benetan hunkigarriak zure hitzak Ana. Benetan sentitzen dut pasatzen ari zarena. Oraindik gehiago egunero zure ondoan izanda eta hontaz konturatu gabe egonda (zerbait ageria zer arren) .
Animoak besterik ezin dizkizut eman. Eta alde positiboa ikusteko gomendatuko nizuke. Badakit horrelako egoeratan dena beltz ikusten dela, baina zihur egon denbora pixkot pasatzean, hotzean dagoeneko, gauzak ezberdin ikusiko dituzula. Beti da horrela. Denborarekin dena pasatzen da.
Azkenik, dena zure eskuetan dagoela esango nizuke. Komentatu duzun kasuan zure buruari jarri diozun presioa nabaria izan dela dirudi. Hare eta larriago izango litzateke presio hori jasatera behartua bazeunde, norbaitek hortara behartuko bazintu. Baina dirudienez zure buruari jarri diozu presio hori. Beraz, zure esku dago presio hori gainetik kentzea. Ez da egoera txarra beraz. Zure esku ez balego okerragoa litzateke eta.
Animo eta hemen gaituzu edozertarako.
Besarkada bero bat.
PD: nori idatziko dizkiot AtNotes-eko “más allako” mezuak etxean egongo zaren bitartean?
Goio Telletxea
2006/11/26
Kaixo Ana, beno, badakizu Jonek esan bezala hor gaudela behar duzunerako apañera. Esan izan dizudan bezala, etzazu dena zuretzat gorde, gauza onak eta txarrak partekatuta askozaz hobe eramaten baitira.
Gelditzera ez bazintugu geratu mendian behera doan harribola bezala zindoazen eta uste dut onerako izan dela. Une egokian gelditzen asmatzea oso garrantzitsua da. Uste dut nahiko une onean zaudela gainditzeko. Laguntza faltarik ez duzu izango, beraz pentsatu zurekin gauden jende asko gauela.
Lana gustoko izateak askotan guk dugun hoberena ematera garamatza, gehiegi entregatzera. Halere, uste dut ez dugula ezer demostratu beharrik, bakoitzak dugun balioa jakina baita, eta zure kasuan ere frogatua dago. Beraz, ezetz esaten jakiteaz gain, gauzak argi esaten ikastea garrantzizkoa da. Komunikazio falta da askotan enpresetan, argi hitzegitea, onerako eta txarrerako eta horrek jende askorengan eragin negatiboak ditu. Tentsioa, ardura, presioa, beldurra, itolarria eta azkenik plaust!.
Ba ez, ez gara makinak. Denok dugu baloratuak izateko beharra. Ez soilik ekonomikoki, pertsonalki eta profesionalki baita ere. Eta horrek lan arlo barruan, enpresa baten ardatz nagusienetako bat behar du izan. Ez badago ardatz hori, kaltetuta suertatuko diren pertsonak egongo dira. Kalte horiek batzuetan azaleratu egingo dira, eta askotan prozesioa barrutik eramango da.
Eta ez da beldurrik eduki behar. “Gaizki nago” esateko, “beldur naiz” esateko, “laguntza behar dut” esateko, “perfektua ez naiz” esateko. Bizi dugun gizarte honen baloreek gure perzeptzio ideal bat ematera behartzen gaituela dirudi. Nik aspaldi erabaki nuen nire irudiak bost axola didala, ezin dudala egunero nire ahultasunak ezkutatzen egon, nahiz eta zenbaitetan kontrakoa egitea hobe litzatekeela pentsatu. Gure irudi totemikoa ezkutu modura erabili beharrak lan gehiegi ematen du.
Hoberena, beraz, natural jokatzea da. Ezetz esan behar bada ezetz esatea, eta argi hitzegitea. Niri asko laguntzen dit horrek, nahiz eta askotan argi hitzegiteak ez den erraza. Askotan, badirudi hobe dela gezur geruza batez inguraturiko erdizkako egi bat botatzea. Honela, askoz hobe eramango gara ingurukoekin. Egia esatea eta argi azaltzea askotan ez da horren erosoa, askotan aurrean dagoenak ondo hartuko ez duelakoan egoten baikara.
Beno Ana, animo, badakizu une puntual hau erraz gaindituko duzula. Indarra baduzu barruan eta espero dut laster ondoan ikustea. Joer, aspertuta nago jada ondoan ez edukitzeaz apañera, me dejas solo y abandonau!! jejejej Zure asentua hor dago eta indartsu zure betiko energiarekin ikusteko gogoz egongo naiz egunero.
Hor gaude zure lankide eta lagunak. Animo Ana!
Julen
2006/11/26
Animo Ana, ez larritu merezi duena baino gehiago.
Ander
2006/11/30
Kaixo Ana. Besteek esandakoen gainean gauza bat besterik ez dut gehituko:
Gustuko duzun leku lasai batera joan ahal duzun bezain bestetan (niretzat mendia eta Urgul lirateke lekuak), arnasa hartu eta lasai lasai egotera. Naturak asko lagun gaitzake gaizki gaudenean sendatzen, eta ongi gaudenean ongi jarraitzen.
Muxu handi-handi-handi bat. Mendi magalean gaudenean mendi punta oso garai ikusten da, baina gehienetan uste duguna baino askoz gertuago egoten da.
xabier mendiguren
2006/11/30
Kaixo, Ana:
Ez gara asko ezagutzen, behin uste dut egon naizela zurekin, baina gustura irakurtzen ditut zure zerak, eta hunkitu egin nau mezu honek. Emotibo ez jartzeko, txantxa bat: ni ere workoholiko samarra naiz, aspalditik, baina kontrolatu antxean daukadala uste dut (hori diote jonki guztiek, ezta?). Hortaz, nire ustezko kontroletik zurea irakurriz, betidaniko mozkor zaharrek gaztetxo hordituak ikustean diotena etorri zait burura: “Gaurko gaxte hauek ez zekitek edaten ere!”.
Edozein egunetan te bat hartzeko edo edozertarako, deitu lasai. Besarkada bat. X.
Balaklaba
2006/12/01
Zu lasai, gauza horiek adinaren kontuak izan daitezke. Muntaia kate batean lan egiten nenbilela, uda batean, transistoreak muntatzen ibiltzen zen neska bati berdina pasatu zitzaion. Ordurarte ez zitzaion horrelakorik inoiz gertatu baina ondorengo egunetan, ia egunero eman zion jamakukiak, itolarriak. Sinistarazi zioten ez zela perfektua, laguntza behar zuela. Eta laguntza behar zuela azpimarratzen zioten, eta ez zela perfektua. Lana uztera ere behartu zuten azkenean, eta etxerako bidean, tailerreko atea gurutzatzen ari zela “animo onena zara” oihukatu zioten.
Gero jakin nuen, bere etxeko balkoira atera zela handik gutxira poxpolu kaxa bat eta butano bonbona batekin. “Mecagüen dios, que la quemo, que no aguanto más” esaten zuen minutu bat arnasa hartu gabe egon denak BEZALA. “Mecaguendios que la quemo” eta arnas hartzen zuen oxigenoa lapurtzen ariko balitzaizkio BEZALA. Suhiltzaileek harrapatu zuten berehala, eta egun, eroetxe bateko pasilotan pasatzen ditu egunak, zigarroak erre eta atzera begira.
Animo ana. Nik, goiko kaiku horiek ez bezala, badakit nola sentitzen zaren. Balkoira ateratzen zarenen egunean badakizu han behean edukiko nauzula palangana eta fregonarekin.
Zer espero zenuen ba? Sikologia merkea? Lecciones sobre la vida (capitulo IX)? Ez dakit gauza horiei buruz idazten. IPOD bat zer den ere ez dakit eta besteak beste ez naiz horregatik txapelketa susmagarri horreratara aurkeztuko. Dena dela, saria zuk irabazten baduzu, jakin ezazu nire komentario honi esker emango dizutela. Baina lasai, zuretzako gorde dezakezu ansiolitikoen eraginpean zaudenean entretenitzeko. Ni afari batekin konformatzen naiz, zure kontu, ñoñostiko jatetxerik garestienean adibidez.
Muxutxuk.
iturri
2006/12/02
Aupa Ana:
Atzo ikusi zintudanean, irakurri gabe neukan mezua.
Zaindu, neska eta animo.
Gainera, nik post hau proposatu dut aipatu lehiaketarako.
Ea irabazten duzun.
Jabi
2006/12/10
Kaixo:
Ez dakit nor zaren, baina gustatu zait testua, neu ere sentitu naiz inoiz horrela, lanak xurgatuta legez. Hala ere, Sustatuko lehiaketaren bidez heldu naiz hona eta zure lana eta denbora hartu duzula dakusadanez, oraingoan berriz horretantxe jausi zarela esango nuke: lasai hartu.
P.D. Gaur egun osoa eman dut idazten eta “gauzatxoak” (denbora gehien baina atarramendu gutixen dakartenak) egiten. Beraz, ni ez naiz nor zer egin behar duzun esateko… Hala ere, uste dut denborarekin gero eta ezetz gehiago esaten ikasi dudala… Ala ilusioa baizik ez da? Akaso.